XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta, ezustean, argi indartsu batek argitzen zituen pasabide eta zirkinzuloak, eta mila bidezidor desberdinetatik heltzen ziren kobazulo erdiko gela nagusira, eta han elkar ezagutzen zuten, eta, milesima batez, sistema perfektoa eraikitzen zen.

Baina ez egidazue galdetu nolakoa zen, argia piztu bezala amatatzen baitzen, eta harrezkero pospolo argitan bainabil bizimoduko pasabide ilun honetan, itsu-itsuka ez denean.

Baina, hala ere, beti ikasten da zerbait honelako krisialdietan.

Jaun loiolatar batek esan zuen, zaldun azkoitiar batek entzun zion, eta harrezkero sarri gogoratzen digu honek bere predikuetan: krisi garaian ez egin aldaketarik, ez hartu erabaki funtsezkorik.

Oinezko xume honek honela interpretatzen zuen gure gidari espiritualen esana: ez erabaki funtsezkorik hartu zakila tente dagoenean.

Eta ezta nioen nirekiko sistema biribildu nahirik larrua jo berrian ere.

Egun batez, Patxikok esan zidan Joanak nire galdea egin ziola.

Ea bizi nintzen. Esateko bere partetik Errekalden ez dutela inor jaten.

Ea bion arteko kontu hori bertanbehera utzi behar genuen.

- Haserre ikusi nian. Hurrengo hoanean gertatuta joan hadi.

Hik hartu behar duk astindua!

- Liburuaren arrastorik izan ote dik?

- Ez zekiat, baina emakume hori ez baduk ondo-ondo hartzen, jai daukak.

- Esaiok lan askorekin nabilela, eta lasai egoteko.

Joango naizela.

Barruak ezetz esaten zidan.

Nahiz eta Joanarekin egindako narrutaldiak gogoratzean txoria harria bezala jarri, bolada hartan aginduan zegoen organuak, buruak alegia, bazirudien baraualdi zorrotza ezarri nahi ziola gerritik beherakoari.

Edurne etorri arte behintzat.